KOMUNIKAZIO EZ BORTITZA
Joan zen astelehenean 10. edizioko Awake-Gasteiz-ko taldearekin egon ahal izan nintzen Komunikazio Ez Bortitzaren (KEB) inguruan hausnartzeko. Tailerraren helburua zen geure buruarekin zein beste pertsonekin era kontziente batean komunikatzeko tresnak eta baliabideak eskuratzea.
Harreman enpatikoagoak, osasuntsuagoak eta asebetegarriagoak edukitzeko eta asebetetzen ez gaituzten eta min ematen digutenei mugak jartzen ikasteko zer egin daitekeen ikusi genuen.
Inauteriak ospatzetik gentozen, eta, nekatuta geundenez eta energia gutxi genuenez, jolasteko eta mugitzeko denbora baliatu genuen. Hori dela-eta, energia handitu eta ondo pasatu genuen.
Hasteko, bortizkeria zertan datzan jakiteko elkarri galderak egin genizkion, eta, ohartu ginen isiltasuna ere bortizkeria dela. Bortizkeria da beste pertsonengandik urruntzen nauen gauza oro.
Geure bortizkeriaren jabe izan ginen. Pertsona guztiok bortizkeriaz jokatzen dugu geuretzako garrantzitsuak diren beharrak asetzerik ez dugunean. Eta hori ez dago ez ongi ez txarto, gizakioi dagokiguna da.
Elkar ulertu ahal izan genuen, eta, ulertu genuen, aldi berean, horrela jokatzen dugunean, geure buruarekin zein besteekin enpatia praktikan nola jarri.
Jirafaren eta Txakalaren hizkuntzak ezagutzeak lagundu egin zigun komunikazio asertiboa agresibotik bereizten.
Jirafak alderdi ez bortitza irudikatzen du, entzute errukiorra du ezaugarri, eta beste pertsonaren beharrak ikusten ditu.
Txakalak bortizkeria irudikatzen du, ez du bere sudurretik harago ikusten, ez du entzuten, kritikatzen du, epaitzen du eta erasotzen du, bere beharrak ase ezin dituela ikusten duenean, batez ere.
Gure baitan hizkuntza biak antzeman genituen.
Ikusi genuen zaila dela Jirafak bezala hitz egitea, aurretik Txakalak eraso egin badigu. Horrez gainera, ohartu ginen jirafa bezala komunikatzeko era darabilten pertsona erreferenterik ez daukagula. Izan ere, ez gaituzte horretarako hezi eta dakigu horrela jokatzen.
Jabetu ginen, halaber, ez dakigula gure haserrea adierazten indarkeriara jo gabe.
Bestalde, ikusi genuen zein zaila den ez epaitzea beste pertsona bat hitz egiten ari denean.
Antza denez, tailerrak balio izan zuen jakiteko haserrea kudeatzeko zailtasun ugari ditugula eta era asertiboan komunikatzeko baliabide falta dugula. Baina, zorionez, jabetu ginen Awake bezalako guneetan Jirafa bezala komunikatu gaitezkeela eta gune horiek tresnak eta baliabideak eskaintzen dituztela geure buruarekin zein gure harremanetan horrela jokatzeko.
Plazer handia izan da zuekin egotea, eskerrik asko
Data: 2024/02/12
Egilea: Cristina Pérez Chiquirrín

